2011/06/30

IRITSI DIRA SANTUTXUKO JAIAK 2011


Beste behin ere hainbat auzokideren lanari eskerrak ospatu ahal izango ditugu bederatzi egunez. Urteetako tradizioari jarraiki, adin guztietako santutxutarrentzako egitaraua osatzen saiatu gara, askotarikoa, irekia eta parte-hartzailea. Ez da lan erraza. Traba eta ezintasun andanari gaina hartu behar izan diegu. Eta finantzabideak bilatu. Izan ere, diru laguntza publikorik ia ez duten jaiak dira hauek. Eskuetan duzuen liburuxka honetan iragarkia jarri duten saltokiek, gurekin bederatzi egunez izango diren barrakek eta Jai Batzordea osatzen duten elkarteek emandako laguntzari eskerrak dira errealitate Santutxuko Jaiak.
Hainbat elkartek osatzen dugu Santutxuko Jai Batzordea. Eta urteak daramatzagu jaiak antolatzen, kultura, aisialdia eta gozamena auzokide ororen eskura jartzeko helburu hutsarekin. Edo helburu betearekin. Hori guztia eta hori besterik ez da Jai Batzordea.
Auzolanean oinarritutako gunea, herritik herriarentzat antolatutako jaiak bultzatzeko koordinakundea. Interes merkantilistak lehenesten dituen ikuskizun eta kontsumo jai eredutik ihesi jarduten dugu, jaiak gutariko bakoitzaren barnetik beretik hasten direla sinetsita gaudelako. Denok jaien parte garela uste dugulako.
Horregatik, dei egiten dizuegu jaiekin gozatzera, jaietan parte hartzera, jaiak sustatzera. Fanfarreen doinupean dantzatzera, antzerki eta kontzertuekin dibertitzera,
txapelketa gastronomikoetan lehiatzera, bestelako bazkarietan parte hartzera, harri zulatzaileen eta xake jokalarien estuasun eta garaipenak bizitzera...
Zuentzako denontzako dira Santutxuko Jaiak.
Mila esker bihotzez jai biziak antolatu ahal izateko lagundu duzuen elkarte, dendari, tabernari eta norbanako guztiei.
ZUEK GABE, EZIN.